Kapital Soziala eta osasuna

Arloak:

Erika Valero

Kapital soziala osasunaren determinatzaile sozial bat da, eta garrantzi berezia hartu du Osasun Publikoaren arloan. Nahiko kontzeptu berria bada ere –XX. mendean agertu zen lehen aldiz–, hainbat egilek hauteman zuten kohesio edo integrazio sozialak –biak kapital sozialaren kontzeptuari lotutako ezaugarriak– komunitateen osasun egoeran duten eragina, besteak beste Durkheim soziologoak. Bere obrarik ezagunenetakoan, egile horrek kohesio gutxien ageri zuten eskualdeek suizidio-tasa handienak nola zituzten (1) hauteman zuen. Osasun publikoaren alorrean, Dahlgren eta Whitehead-ek (1991) dagoeneko kapital sozialaren nozioa sartu zuten determinatzaile sozialen euren ereduan, sare sozialak eta komunitarioak izenarekin.

Kapital sozialaren kontzeptuak bi alderdi ditu: norbanakoarena eta komunitatearena. Lehen kasuan, kapital soziala pertsonek eskura duten euskarri sozialaren eta bestelako baliabideen mailari loturik dago, horiek eskainiko baitituzte eurentzako aukerak zein aitortza eta bestelako ondasun sinboliko nahiz materialak. Bigarren kasuan, aldiz, kapital soziala inguruaren edo komunitatearen hainbat ezaugarritan oinarritzen da. Ikuspegi horretatik, Putman-ek, alegia Bowling Alone  izeneko bere obran terminoa ezagutzera eman zuen politologoak, honako hauek egotearekin identifikatu zuen kapital soziala: sare komunitarioak, konpromiso zibikoa, toki nortasuna, komunitateko kideekiko elkartasun-ekitate zentzua, konfiantza eta, azkenik, elkarrekikotasuna (2).

Norbanakoaren eta komunitatearen kapital sozialaren artean den bereizketari helduz, hainbat ikerketek (batik bat, Erikson (3) eta Pilkington-en (4) lanetan) agerian uzten dute kapital sozialaren eta osasunaren artean dagoen lotura.

Pertsona bat sare sozial ezberdinetan inplikatzen bada, laguntza edo euskarri antzeko bat izan daiteke berarentzat, eta eragin positiboa izan dezake haren osasunean, estresaren apaltzaile modura aritzen den faktore delako

Hala, norbanakoaren ikuspegiari helduz, pertsona bat sare sozial ezberdinetan inplikatzen bada, laguntza edo euskarri antzeko bat izan daiteke berarentzat, eta eragin positiboa izan dezake haren osasunean, estresaren apaltzaile modura (5) aritzen den faktore delako. Bestetik, berriz, pertsonaren ingurune sozialean direnek baldintza ditzakete norbanakoak osasun kontuan dituen jokabideak (6). Tabakismoa edo elikadura bezalako zenbait ohitura, hein batean, pertsonen inguruak baldintzatzen du eta, normala denez, eragin zuzena dute euren osasunean (7). Era berean, parte-hartze sozialak gaitasun berriak ikasteko aukera eskain diezaieke, komunitatearekiko pertenentzia-sentimendua emateaz gain (6), eta bi fenomenoek eragin positiboa izan ohi dute osasunean.

Halaber, Berkman eta Glass-ek lortutako emaitzek erakusten dute talde bateko kide izanez gero osasuna hobetu dezaketen baliabide material, lan aukera eta beste hainbat zerbitzu izan ditzaketela eskura.

Maila kolektiboko kapital sozialari dagokionez, Wilkinson-ek agerian utzi du bizi-itxaropena eta osasunaren beste adierazle batzuk hobeak direla errentaren banaketan desberdintasun maila apala dagoen populazioetan (8). Egile horren arabera, hau da arrazoia: parekidetasun handiagoa duten gizarteek giro positiboagoa izaten dute, konfiantza eta gizarte-kohesioa nabarmentzen direlarik komunitate mailan.

Arrazoi horrek berak azaltzen du nola, desberdintasun handiagoa duten (konfiantza eta gizarte-kohesio maila apalagoa dute) gizarteetan, herritarren arteko estatusean ematen diren aldeek antsietate sozial gehiago eta kriminalitate kuota handiagoa erakusten duten (8). EEBBetan egindako ikerketa baten arabera, konfiantza maila gutxien duten lurraldeek erakusten zuten heriotza-tasarik handiena (9).

Horren beste adibide bat da Bruhn eta Wolf-ek Pentsilbanian ondoz ondoko hirien artean gaixotasun kardiobaskularrengatiko heriotza-tasetan ematen ziren aldeei buruz egindako azterlana. Egile horiek ondorioztatu zuten Pentsilbaniako Roseto hirian 30. hamarkadan eman ziren heriotza-tasa baxuak, batik bat, komunitatearen kohesioari, pertsonen artean ematen zen laguntza irmoari eta berdintasun balioei zegozkiela (10).

Horren ildotik, Kawachi eta beste batzuk agerian uzten dute kohesiodun auzo edo komunitateek ahalmen gehiago dutela komunitateari eragiten dioten erabaki politikoetan ere eragiteko (11). Hala, baturik den kolektibitate batek aukera gehiago du, esate batera, komunitatean osasun gastua murrizteari begirako ekimenei aurre egiteko (11). Halaber, kapital sozial kolektibo handia duten komunitateek osasun arloan emaitzak hobetzen lagundu dezakete, arau osasuntsuak sustatuta. Konfiantzan, parte-hartzean eta elkarren laguntzan oinarritutako giroek potentzialitate gehiago lukete bizimodu osasuntsuak bultzatzeko (12). Kapital sozial kolektiboak, antza, informazioa eta ezagutza azkarrago eta sakonago zabaltzen laguntzen du, eta horrek ere badu zerikusia osasunarekin (13).

Ondoren azaltzen den irudian kapital sozialaren teorizaziorako eredua erakusten da. Hiru bloke handi ditu. Lehenak, kapital sozialaren aurrebaldintzak edo bide-erakusleak azaltzen ditu, Lin-ek (14) erakutsitako moduan: alde batetik, gizarte-egituraren faktoreak, eta, bestetik, egitura horretan norbanakoak duen posizioa. Elementu horiek, desberdinki banaturik direnean, erraztu ala zaildu egin dezakete kapital sozialean egindako “inbertsioa”. Bigarren blokeak, “kapitalizazioaren” mekanismoen ezaugarriak azaltzen ditu, sare eta baliabideetara sartzeko eta mugiarazteko mekanismoak, alegia. Eta azkenak, berriz, efektuena deitutakoak, kapital sozialetik erator daitezkeen etekinak jasotzen ditu. Ikus dezakegunez, efektu horien zati esanguratsu batek zerikusia du pertsonen osasun eta ongizatearekin.

1. Irudia: Kapital sozialaren teorizaziorako eredua

 

Iturria: Lin, N. Building a Network Theory of Social Capital (1999) [jatorrizko irudia ingelesez; itzulpen propioa]