Euskal osasun sistema publikoaren ezaugarriak

Arloak: ,

PDF artikulua jaitsi

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) osasun sistema publikoa bi erakundek osatzen dute; lehen-lehenik, Osasun Sailak, osasunarekin zerikusia duten alderdi guztiak planifikatzen, finantzatzen eta arautzen dituen erakundea. Bigarrenik, Osakidetza – Euskal Osasun Zerbitzua, zeina aurrekoari atxikita egon eta titulartasun publikoa badu ere, nortasun juridiko propioa du eta osasun zerbitzuak eskaintzeko gaitasuna bere mende dauden zerbitzu-erakunde publikoen bitartez (1).

Osakidetza – Euskal Osasun Zerbitzua 1983an sortu zen, erkidegoetako osasun deszentralizazioa hasi ondoren

Osakidetza – Euskal Osasun Zerbitzua 1983an sortu zen (2), erkidegoetako osasun deszentralizazioa hasi ondoren, eta euskal herritarrei osasun arreta integrala ematea kudeatzeko erakunde autonomo gisa eratu zen. Ordura arte, asistentzia-baliabide ugari zeuden EAEn, frankismoaren diktadura amaiera ondoren herritarren osasun beharrei eta behar sozialei estaldura emango zien zerbitzu publiko batzuen gabeziari aurre egiteko sortuak, hain zuzen. Zerbitzu horien adibide ziren udalek finantzatutako sexu eta ugalketako osasunaren arretarako zentroak, osasun mentalaren arreta edo gizarte bazterkerian ziren sektoretan arreta psikosoziala eskaintzen zutenak (3). Eratzeko bere prozesuan, Osakidetzak baliabide guzti horiek integratu zituen, haietako asko osasun sare publikokoak izatera pasatu ziren eta, zenbaitetan, ematen zituzten zerbitzuak itundu ziren. .

1986ko Osasun Lege Orokorrarekin eratu zen Osasun Sistema Nazionala (OSN)

1986ko Osasun Lege Orokorrarekin (4) eratu zen Osasun Sistema Nazionala (OSN), eta Osakidetza horren parte izatera pasatu zen, nahiz eta gerorako utzi zen zenbait talderi osasun asistentzia ematen zien Gizarte Segurantzako Sistemaren erregimen bereziak (MUFACE, MUJEGU, IFSAS) OSNan sartzea.

1990ko hamarkadaren hasieran heldu zen korronte neoliberala EAEn 1993ko Osasuna Zainduz Planean hezurmamitu zen (5). Plan horrek aldaketa ekarri zuen euskal osasuna antolatzeko eta kudeatzeko ereduan, autonomia handitu beharrean arrazoituta euskal osasungintzara zuzendutako baliabide publikoen erabileran efizientzia handiagoa lortzeari begira. Besteak beste, aldatu egin zuen osasun publikoaren kudeaketaren izaera, araubide juridiko pribatua izatera pasatu zelarik, eta enpresa kudeaketako irizpideak ezarri zituen sisteman. Era horretan, euskal osasun sistemak egitura funtzional berri bat bereganatu zuen, finantzazioaren –Eusko Jaurlaritzaren mende, beraz publikoa– eta horniduraren –publikoa edo pribatua izan ziteken, era aldakorrean– funtzioen bereizketan oinarrituta. Orduko Osasun Sailak hartu zuen, horrenbestez, bere gain osasun sistema arautzeko eta finantzatzeko eginkizuna. Horrek Osasun zerbitzuak kontratatzen zituzten agentziei baliabideak esleitzea ekarri zuen. Agentzia horiek lurralde ordezkaritzak (Bizkaia, Araba eta Gipuzkoakoak) izatera pasatu ziren eta horiek egiten dute bai zerbitzu publikoen –Osakidetzarekin kontratu-programak lotuta– bai pribatuen –zerbitzuak itunduta– kontratazioa.

Azken hamarkadan, aipatzekoak dira euskal osasun sistema publikora egiturazko erreformak ekarri dituen bi mugarri, biak ere krisialdi ekonomiak eraginda eta, aldi berean, estatuan nahiz mundu zabalean osasun sistemen iraunkortasuna mehatxatzen omen dutela azalduz nagusitu den diskurtsora lerraturik.

Lehenik, 2010. urtean Kronikotasunari aurre egiteko Euskal Estrategia jarri zuen abian gobernu sozialistak (6), estatu mailan kronikotasunaren arretarako amerikar sistematik zetozen ereduak ezartzeko joerari jarraituz eta sistema integratuak lortzeko, arretaren jarraitutasuna hobetzeko eta sistemaren efizientzia handitzeko (7). Hala, Estrategiak osasun eredu berri bat ezarri zuen, Erakunde Integratu Sanitarioak (ESI) izeneko lurralde-mugaketen sorreran oinarrituta, kudeaketan autonomoak zirenak eta ezarritako efizientzia helburuak betetzearen araberako finantzazio eta pizgarriak zituztenak (8).

Sistema, beraz, 13 ESIk eratzen dute, eta akutuentzako 13 ospitale, 153 osasun-zentro eta 160 kontsultategi biltzen dituzte guztira. Gainerako asistentzia sarea hauekin osatzen da: Osasun Mentaleko hiru lurralde-sare (Bizkaia, Araba eta Gipuzkoa, azken horrek itundua duelarik ospitaleko arreta psikiatriko osoa); larrialdien koordinaziorako eta osasun asistentziarako antolakundea; Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroa; Osatek, finantzazio publikoko eta zuzenbide pribatuko sozietate bat, puntako teknologiaren irudi bidez zerbitzuak kudeatu, administratu eta ustiatzeaz arduratzen dena; eta, Zuzendaritza Nagusia, aurreko zerbitzu-antolakundeetan kontrol, koordinazio estrategiko eta kudeaketan laguntzeko lanak egiten dituena.

Bigarren mugarria estatu mailan 16/2012 Errege Dekretua (ED) indarrean jartzea izan zen (9). Krisi ekonomikoari erantzunez eta beste neurri batzuen artean, kendu egin zien osasun asistentziarako eskubidea Espainiako estatuan bizitzeko baimenik ez zuten 18 urtetik gorako atzerritarrei. Horri erantzunez, EAEk 114/2012 (10) Dekretua atera zuen, zeinak estatuko oinarrizko prestazio estatusa osatu nahi baitzuen, 16/2012 ED baino lehen ziren prestazio mailei euste aldera. Gobernu Zentralak helegite bat jarri zuen araudi horren aurka, baina Euskal Herriko Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi egin zuen helegite hori, eta EAEko Agindu hori normaltasunez aplikatu zen hortik aurrera (11) . 2017ko urte amaieran Konstituzio Auzitegiak indarrik gabe utzi zuen azkenean EAEko araudi hori, erkidego mailan ezin zela gainditu estatu mailan zen osasun babesaren helmena arrazoituz (12). Azkenean, ordea, 2018ko ekainean, estatuko gobernu sozialista berriak indargabetu egin zuen 16/2012 ED (13). Hori indarrean egon zen tartean EAEn aplikatu ziren aginduei esker, osasun arretatik kanpora geratutako pertsona askok hori izatea ahalbidetu zuen, hark euren osasunean sortutako ondorio negatiboak arinduz horrela (14).

PDF artikulua jaitsi