Desberdintasunak osasun sistemarako sarbidean

Arloak:

PDF artikulua jaitsi

Maite Morteruel

Osasun sistemak dira osasunaren gizarte determinatzaileetako bat, eta osasun alorrean gertatzen diren gizarte desberdintasunen faktoreetako bat. Halatan, beste gizarte determinatzaile batzuek sortutako osasun desberdintasunak arindu edo areagotu egin ditzakete (1). Europan kontu horren gainean bildu den ezagutzak agerian uzten du sistema unibertsal eta doakoak direnetan ere badirela desberdintasunak gizarteko taldeen artean osasunerako aukeran (2). “Alderantzizko arretaren legea” izenez ezagutzen da fenomeno hori, eta, horren arabera, osasun arreta on bat eskura izatea laguntza ematen zaien herritarren beharren alderantzizko eran aldatzen da (3). Osasun arloko desberdintasunak gutxitzeko, talde ezberdinen behar bereziak kontuan izan behar dituzte osasun sistemek, osasun zerbitzuetarako sarbide unibertsala bermatzeaz gain, eta baita zerbitzu horietarako aukera ekitatezkoa –euren beharren araberakoa– izatea eragotzi dezaketen langak ere (4). Unibertsalismo proportzionala deritze horri (5).

Identifikatuak dira osasun arretarako sarbidean osasun arloko gizarte desberdintasunak sortzen dituzten hainbat faktore. Generoa da horietako bat. Hala, arreta-behar beraren aurrean, gizonek gehiagotan erabiltzen dituzte ospitaleko zerbitzuak (6); emakumeek, berriz, arreta espezializatu gutxiago dute eskura eta gehiago jotzen dute lehen mailako arretara (7). Bestetik, genero-alderdiak azaldu izan dira gaixotasunen tratamendu eta diagnostikoetan, hala nola kardiobaskularretan, eta, arrazoi horregatik, heriotza-tasa handiagoa ageri dute emakumeek (8), diagnostikoa zein tratamendua berandu emateagatik (9). Emakumeei, gainera, psikofarmako gehiago agintzen zaie (10, 11) eta medikalizazio handiagoa pairatzen dute euren bizi-prozesuetan, prozesu patologikorik ez edukita ere (12).

Maila sozioekonomikoa da osasun zerbitzuak erabiltzean ematen diren desberdintasunen beste faktore bat. Herritarren aseguramendu mota zehazten du, batetik, heziketa eta errenta maila handienekoak izanik osasun estaldura bikoitz gehien dutena (13); bestetik, berriz, pertsonek aldeko egoera dute, gutxi-askoan, sisteman mugitzeko, eta abantaila handieneko taldeek dituzte horretarako aukera handienak. Izan ere, herritar horiek lehenago eta maizago jotzen dute osasun arreta espezializatuetara, estaldura publikoa besterik ez duten herritarrekin alderatuta (14). Desberdintasunak areagotu egiten dira sistema publikoak estaltzen ez dituen zerbitzu eta prestazioetan, hau da, erabili ahal izateko erabiltzaileak zuzeneko ordainketa bat egin behar izaten dutenetan, aho-hortzetako osasuna, kasu. Horrez gainera, saioko ordaindu beharra eta hornitze pribatua langa dira zenbait zerbitzu erabiltzeko, hala nola errehabilitazioa eta fisioterapia (16, 17, 18).

Bukatzeko, jatorria da izaera unibertsaleko osasun zerbitzuak erabiltzean sortzen diren desberdintasunen beste faktore determinatzailetakoa. Alde batetik, osasun sistemaren antolakuntzazko alderdiek eragiten dute hori, eta baita etorkina izan eta lan eta bizi baldintza kaskarrak izateak ere (20). Osasun sistema unibertsaletan, ikusi da herritar horiek bertako herritarren modu berean jotzen dutela lehen mailako arretara, baina ez hainbeste arreta espezializatura (21), osasunerako arrisku gehiagori emanik daudelarik. Bestalde, osasun zerbitzuetarako sarbidea eta erabilpena oztopatzen duten langa batzuk aipatu izan dira, eta hauek dira, besteak beste: sistemari buruzko informazio eta ezagutzarik eza, osasun zerbitzuak urrun izatea, itxaron-denbora luzea, garraioa edo botikak ordaintzeko zailtasunak, osasun zerbitzuak laneko ordutegiarekin bateratu ezina, hizkuntzaren arazoa, bizilekuaz sarri aldatzea, egoera irregularrean egoteak sortzen duen beldurra, eta osasun zerbitzu eta arazoei buruzko pertzepzioekin lotutakoak (20, 22).

 

PDF artikulua jaitsi