Zergatik da horren garrantzitsua Lehen Mailako Osasun Arreta?

Arloak:

PDF artikulua jaitsi

Gorka Maiz

Lehen Mailako Osasun Arreta (LMOA, aurrerantzean) da Osasun Sistema Nazionala (OSN) eratzen duten asistentzia mailetako bat. Hori da OSNren eginkizun eta ardatz nagusia, dituen ezaugarri eta garrantziagatik (1). OMEk honela definitzen du LMOA, Alma-Atako Adierazpenean (1978) (2) oinarrituta: “[…] komunitateko norbanako eta familia guztien eskura dagoen funtsezko osasun-asistentzia, horientzat onargarriak diren bitartekoez gauzatua, euren parte-hartze osoarekin eta komunitatearentzat eta herrialdearentzat arrazoizkoa den kostu batean emana. Herrialdearen osasun-sistemaren ardatza da, eta komunitatearen garapen sozioekonomiko nagusiaren alderdi integrala“ (3).

Baina definizio gaurkotuagoa dirudi Javier Padillak emandakoa, zeinak honela azaltzen baitu: “eskuragarritasunari, etengabeko asistentziari eta osasun profesionalen balioaniztasunari esker asistentzia ematen duen sistema pertsonek eta haien komunitateak sarritan dituzten osasun arazoak konpontzeko, behar den guztian gainerako asistentzia-mailekin eta baliabide sozial eta sanitarioekin koordinatuta” (4, 5).

LMOAren ezaugarria da berori azaltzeko erabiltzen diren atributu edo printzipio sorta, zeinak bere garrantziaren sorburu baitira, aldi berean. Lau aipatu ohi dira: irisgarritasuna, longitudinalitatea, osotasuna edo balioaniztasuna, eta koordinazio eginkizuna (6). Atributu horietako lehenak, hots, irisgarritasunak, esan nahi du LMOA oztoporik gabeko (geografikoak, administratiboak, diruzkoak, kultura arlokoak eta bestelakoak) zerbitzua ematen ahalegintzen dela profesional egokien bidez, osasun asistentzia hurbil eta garaiz emandako bermatzen delarik (7). Halere, ez da nahastu behar berehalakotasunarekin. Irisgarritasuna funtsezko alderdia da lehen arretan, baina ez du esan nahi asistentzia hori eskaera sortzen denean ahalik denbora laburrenean eman behar denik. Denboran, forman eta kostuan egokia den asistentzia da, izan (8).

Bigarrenik, LMOAk longitudinalitatea du ezaugarritzat, ziurrenik bere ezaugarririk nabarmenena. Esan nahi du denboran irauten duen harremana dela profesionalaren eta pazientearen artekoa, eta pazientearen tokian eta haren osasunaren ibilbide guztietan zehar eskaintzen dena. Horrek inpaktu zuzena du kontsultan, hobeto maneiatzen baitira ziurgabetasuna eta denbora (9). Osasun emaitzak hobetu eta kostuak gutxitu egiten ditu modu globalean (10).

Hirugarrenik, LMOAren ezaugarriak dira osotasuna eta balioaniztasuna. Hori da, hain zuzen, kalitatezko LMOA batek aurrera begira duen erronka nagusia. Gaixotasunak, zainketak edo heziketa- eta prebentzio-praktikek pertsonak dituzte erdigunean, eta osotasun biopsikosozial bat balira bezala artatzea eskatzen dute (11). Horren haritik, LMOAk pazientearen eskaera guztiei eman behar die erantzuna, dela une horretan bertan eta zuzenean, dela denboran geroratuta edo eratorrita (beste profesional edo zerbitzu batzuek medio) (4). Hainbat ikerketek erakusten dute LMOAko profesionalek erabaki zeharo garrantzitsuak hartu behar izaten dituztela oso denbora tarte laburrean eta gai direla jasotako bisiten %90etan konponbidea jartzeko. Pazienteak konplexutasunaren eta behar duten asistentziaren arabera banatzen badira, ontzat ematen da arazoen %85a LMOAn konpon daitekeela, %10-12 bitarteko kontsultek arreta espezializatuarekin partekatzea eskatzen duela eta soilik %3-5 inguruk eskatzen duela, funtsean, arreta espezializatua (7, 12).

Azkenik, LMOAk koordinazio-lan garrantzitsua betetzen du, asistentzia maila hori izan behar du pazientearentzako erreferentzia, kontaktuak edo kontaktua izatea komeni den gainerako profesionalen (bestelako espezialitate eta asistentzia mailak, farmazia, gizarte-lana, etab.) erabakiak koordinatuz. Helburua izan behar du sistemaren alderdi ezberdinak integratzea, horien artean sor daitezken kontraesanak saihestuz.

Funtsezko lau ezaugarri horiez gain, eta gutxi edo asko horiei loturik, LMOA pertsonek osasun sistemarekin duten lehen harremana izateagatik ere nabarmentzen da, pertsona erdigunean jartzen duen arreta eskaintzeagatik, familiaren ikuspegia landuz, baina komunitatearen orientazio eta longitudunalearekin, lankidetza eta talde-lana lehenetsiz (6, 9, 13).

Adostasuna dago, modu enpirikoan frogatzen duten datuez gain, LMOA gehiago indartzearen eta herritarren osasuna hobetzearen artean den loturaz

Arestian aipatutako ezaugarriek eta LMOAren zeregin berak –pazientearenganako eta komunitatearenganako orientazioarekin, gaixotasunarekiko orientazioaren ordez, Ospitaleko Arretan egiten den moduan– eragiten eta berez zehazten dute Lehen Arretaren garrantzia. Esan liteke adostasuna dagoela, modu enpirikoan frogatzen duten datuez gain, LMOA gehiago indartzearen eta herritarren osasuna hobetzearen artean den loturaz (4, 7, 12, 14). Hainbat ikerketek erakutsi dutenez, LMOA garatuagoa duten edo horra gehiago zuzentzen diren osasun sistemak dituzten herrialde edo eskualdeek heriotza goiztiar gutxiago dutela (15), pisu baxuko haurren jaiotza gutxiago dituztela eta haurren heriotza-tasa baxuagoa dutela, suizidioak eragindako bizitza gutxiago galtzen dituztela, bizitzeko urte gutxiago galtzen dituztela osasun arrazoiengatik, bizi-itxaropen luzeagoa dutela (16), heriotza-tasa hobeagoak dituztela osorik hartuta, baita haurrei dagokionez ere, heriotza gutxiago dituztela bihotzeko arazoengatik, edo garaizago hautematen direla zenbait minbizi (kolon eta ondestetakoa, bularrekoa, umetokiko/umetoki lepokoa, eta melanoma) (15, 17).

Halaber, kostu gutxiagoarekin edo egokiagoekin lotzen da LMOA indartsu bat, hots, efizientzia gehiagorekin eta ekitate handiagoarekin, osasun arloan desberdintasun sozialen efektuak murrizteari begira.

Arrazoi horiek guztiak kontuan, osasun sistema publiko baten helburu ezin garrantzitsuagoa da pazientea erdigunean jartzen duen sistema sendo baten inguruan, hots, Lehen Arretan, antolatuta egotea, pazienteak osasun sistemarekin lehen harremana izatea barne hartuta. LMOA sistemaren “sarbide” gisa aritzeko garrantziaren oinarriak maisuki azalduak izan ziren “Zaindaria eta magoa” (19) maitagarrien ipuinean. Obra horretan azaltzen da Lehen Mailako Arretak eskarmentua duela ziurgabetasunean eta prebalentzia baxuagoko (hots, gaixotasuna izateko aukera gutxiago den) egoeretan moldatzen. Modu horretan, gai da Ospitale Arretarako aukera gehiago dituzten pazienteak hautatzeko, gainerakoak esku-hartzeetara beharrik gabe bideratzea saihestuz eta asistentzia maila espezializatuagoetara prebalentzia handiagoko egoerak zuzenduz, hor hobeto garatzen direlakoan (4).

Laburbilduz, Lehen Mailako Arreta sendoa duten herrialdeek jende osasuntsuagoa dute kostu txikiagoan, eta herritar talde ezberdinen artean saihets daitezken desberdintasunak murrizten laguntzen dute. Osasunaren Erakunde Panamerikarrak azaltzen duen moduan, LMOAn oinarritutako osasun sistema batek ekitate eta gizarte elkartasuneko balioetara zuzentzen ditu bere egitura eta egitekoak, eta gizaki orok ahal den osasun maila handienaz –edozein dela ere bere arraza, erlijio, ideologia politiko edo egoera ekonomiko nahiz soziala– gozatzeko eskubidea bultzatzen du.

LMOA, beraz, sektore arteko estrategia bat izan behar du, komunitateek osasun hobea izateko estrategia globala den bezainbatean, eta osasun sektoreaz gain beste sektore batzuk ere biltzen ditu zeharka, hala nola hezkuntza, etxebizitza, gizarte segurantza eta gisakoak. Haren inplementazioa ez dago, beraz, soilik osasun profesionalen esku, diziplina askoren ekarpen integratu baten eta, batik bat, erabaki politiko irmoen beharrean da (21).

 

PDF artikulua jaitsi